2017/08/18


Langile bat hil da lan istripuan Durangoko Funbarri enpresan

Gaur goizean Fundiciones Fumbarri enpresako langile batek bizia galdu lanean ari zela. Enpresa Batzordeak 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu du hildako langilea gogoratu eta enpresari dagokion erantzukizunez, prebentzio protokolo eta neurriak dagokion garrantziaz aplikatu ditzala eskatzeko. LABek familia, lagun eta lankide guztiei doluminak ematearekin batera, 12:00etarako enpresa aurrean izango den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen du.

LABen IRAKURKETA
LAB Sindikatuak gaur bertan Durangoko Fundiciones Fumbarri enpresan izandako laneko istripua gogor gaitzetsi nahi dugu.

Lehenik eta behin gure dolumina adierazi nahi diogu familia, lagun eta lankide guztiei.

Fumbarri enpresa Durangon dagoen Fundizioa da, 100 langile inguru ditu eta LABek urte luzeak daramatzagu laneko osasun arazoak eta segurtasun eta prebentzio neurri falta salatzen. Tartean, ezin ahaztu, istripu larri eta laneko osasun arazoak daudela.

• Batetik, orain bi urte izandako istripu larria; ordukoan langile bati ezintasuna eman zioten gas toxikoak arnastu ondoren, birikak txikitu zitzaizkiolako eta beste langile bat erredurekin oso larri egon zen.
• Bestetik, Silikosi kasu ugari eta langileen eta LABen borroka egoera horri aurre egiteko, enpresaren utzikeriaren aurrean.
Guzti horregatik, Fumbarrik 2 prozedura penal ditu irekita; hain zuzen, langileen eskubideen urraketa akusaziopean.

LABetik, beste behin ere, egoeraren larritasuna jarri nahi dugu mahaiaren gainean. Enpresa honetan, behin betiko, prebentzioak eta laneko osasunak duen garrantzia ulertu dezatela eta dagozkien neurriak hartu ditzatela, langileak eta haien bizitza erdigunean jarriz, eta ez etekin ekonomikoak soilik.

Horregatik guztiagatik, LABek bat egin dugu langileek deitutako mobilizazioekin eta gure kidego osoa eta herritarrak astelehenean Enpresako Komiteak 12:00tarako deitu duen kontzentrazioan parte hartzera deitzen ditugu.


No hay comentarios: