ELAk eta LABek eten egin dute Osalanen
zuten parte hartzea
ELAk eta LABek Osalanen zuten
parte hartzea etetea erabaki dute, honako arrazoiak direla eta:
1.- Eusko Jaurlaritzak batertu egin du lan-osasunaren arloan zinezko
politikarik egiteko aukera. Laneko istripu eta gaixotasunen benetako
zergatiei, hots, enplegu- eta lan-baldintzei, ez die ekin nahi, horrela
patronalaren interesen aurka jo beharko bailuke (prekarietatea,
kontrolik gabeko azpikontratazioa eta arau bihurtutako aldi baterako
enplegua borrokatuz). Ondorioz, erakundeek ez dute aintzat hartzen gai
honetan gertatzen diren arauhausteak behatu, kontrolatu eta zigortzeko
betebeharra: ez Lan agintzaritzak, ez Lan-ikuskaritzak, ezta Osalanek
ere.
2.- Osalan erakunde burokratizatu eta ezgauza bihurtu da; soilik
patronalaren esanetara dago, eta bere egitekoak betetzeko adina
bitartekorik ez dauka. 2010ean bere aurrekontua aurreko urtearekiko %43
jaitsiko da. Murrizketa eskandaluzkoa da, berez aurrekontua barregarria
baitzen, BPGaren %0,02ra ere iristen ez zelarik. Politikarik ez, eta
ezertarako balio ez duen propagandaz estali nahi dute gabezia.
3.- Osalango Kontseilu Nagusia antzezpen formal hutsa da (organo honek
besteak beste erakundearen urteko aurrekontuak onartzen ditu).
Batzordean ematen den informazioa ez da nahikoa, ez osoa, eta zenbait
punturen inguruko datuak ezkutatzen dira (ikuskaritzari,
arauhauste-aktei edota zigorren zenbatekoari buruzkoak...). Bilerak gero
eta okerrago joan dira; gehiengo sindikalak egindako galdera eta
eskariak erantzunik gabe geratu dira.
4.- Osalan finantzatzeko bide bihurtu da. Eusko Jaurlaritzak, Confebask,
CCOO eta UGTren aldeko botoekin, estatuko Fundación Laboral para la
Prevención de Riesgos Laborales erakundeari funtsak eskatzea erabaki du.
Funts horiek Lan-Istripu eta Gaixotasun Profesionaletako Mutualitateen
soberakinen zati bat dira. Orain arte Osalango Batzordeak eta Eusko
Jaurlaritzak berak erabili duten irizpidearen arabera, funts horiek
EAEko erakundeen esku zuzenean jarri behar ziren, estatuko Fundazio
horren "leihatila"ra jo behar izan gabe.
Berez publikoa den diru hori onartzeak, Madrilen ezarritako irizpideei
jarraiki, dirua banatzeko beste eredu baten oinarria jartzen du, eta
eredu honen xedea patronala eta estatu mailako sindikatuak finantzatzea
da. Confebask, CCOO eta UGTk 850.000 euro inguru izango dituzte beren
artean banatzeko.
5.- Osalan estatuko eredura makurtu da, lan-segurtasun eta -osasunean
porrot egin duen eredura alegia. Eusko Jaurlaritzak nahi du EAE estatuko
beste edozein autonomi-erkidegoren modukoa izatea, baita gai honetan
ere. Hartu dituen erabakiekin autogobernu mailak atzera egin du, eta
bere eskumenak erabiltzeari uko egin dio. Aipatutako fundazioaren dirua
onartzeak estatuko eredua ñabardurarik gabe ametitzea esan nahi du. Gisa
bereko atzerakada da ere Osalanek Fundación Laboral de la Construcción
erakundearekin sinatu duen hitzarmena; honen bidez EAEko eraikuntzako
langileen prestakuntza estatukoek jasotzen duten berbera izango da;
estatu mailako fundazio pribatu batek erabakitakoa onartzen da horrela.
6.- Eusko Jaurlaritzak Osalan edukirik gabe utzi nahi du, eta
"elkarrizketa sozial" izen faltsua duen horren zerbitzura jartzea da
bere helburua. Osalango Kontseilu Nagusira eramaten dira edukirik gabeko
akordioak, gutxiengo sindikalarekin mahai horretan itxitakoak, istripu
kontuan aurrera egiteko inondik ere balio ez duten arren. "Lotu"
kanpaina (eraikuntzan "goitik beherako erorketen prebentzioa" sustatzeko
hasi dutena) dugu horren adibide. Berez aski murritza zen Osalango
aurrekontutik 400.000 euro bideratuko dituzte kanpaina egiteko, inolako
helburu kualitatibo eta kuantitatiborik finkatu ez bada ere, eta aurrez
egin diren antzeko kanpainak baliagarri izan ote diren neurtu gabe.
CCOOek eta UGTk erabaki dute gobernuaren bidelagun izango direla esparru
honetan egiten duen edozein gauzetan, hain zuzen administrazioak doitze
eta murrizte politikak bete-betean aplikatzen ari direnean. Beraz,
patronalaren eta gobernuaren arteko akordiora bildu dira eurak ere.
"Elkarrizketa sozial"aren dinamika indarrean dago Osalango Kontseilu
Nagusian.
ELA eta LAB bat datoz erakundeetan eztabaidatzeko eta parte hartzeko
aukerarekin, betiere horretarako baldintza egokiak daudenean, eta
aurrera egiteko balio duenean; baina inondik ere ez dute fartsa honen
konplize izan nahi. Ez dute antzezpen hutsetan parte hartuko, ez
langile-klasea nahiz gizartea engainatuko.
Horrenbestez, ELAk eta LABek erabaki dute 2010eko uztailaren 5etik
aurrera Osalango Kontseilu Nagusian bere partaidetza ondorio
guztietarako eta epe jakinik gabe etetea, partaidetza horrek balioren
bat duela bermatzen ez den artean; batetik, edukiei dagokienez, eta
bestetik, euskal gehiengo sindikalaren iritzia aintzat hartzeari
dagokionez, lan-segurtasun eta -osasun gaietako politika publikoak
erabakitzerakoan.