2010/11/04

Greba amaitu dute Fumbarrin

Durango - 2010ko azaroaren 12a
Atzo akordioa sinatu zuten LABek eta zuzendaritzak. Gaur goizeko batzarrean langileen gehiengoa ados agertu da akordio horregaz. Beraz, greba amaitu dute eta astelehenean lanera bueltatuko dira.

Ia hilabete iraun duen greba amaitzea erabaki dute Fumbarriko langileek. Komitean lau ordezkari dituen LAB sindikatuak akordioa sinatu zuen atzo enpresagaz, eta, akordio horretako edukia gaur jakinarazi diete langileei. 50 langile batu dira eta akordioak 35 aldeko boto, 12 kontrako eta hiru zuri jaso ditu. Ondorioz, greba amaitutzat eman dute eta astelehenean lanean hasiko dira. CCOOk (ordezkari bat du) ez du akordioa sinatu, ├▒abardura bategaz ez daudelako ados.

Langileen aldetik eskakizunik garrantzitsuenak ziren enpleguaren bermea eta baldintza ekonomikoen gaineko akordioa joan zen aste amaieran adostu zituzten. Horrela, bigarren enplegu-erregulazioko espedientea otsailean amaitzen da eta enplegua, hura amaitu eta beste sei hilabetean bermatua daukate. Hirugarren espediente bat balego, 2011 amaitu artekoa litzateke eta, ondorioz, enplegu bermea 2012ko uztaila hasi arte luzatuko litzateke.

Alderdi ekonomikoari dagokionez, erregulazio espedientean egon diren bitartean, legeak ezartzen duenez, oinarrizko soldataren %70 kobratu dute; zuzendaritza %10 gehiago ordaintzeko prest dago eta, beraz, oinarrizko soldataren %80 kobratuko dute. Horrez gainera, orain arte aparteko ordainsaria proportzionalki ordaintzen zitzaien, eta hemendik aurrera ordainsari bakarra eta finkoa izango dute.

Hala ere, langileek greban jarraitu dute asteon, dagoeneko lotu dituzten beste eskaera batzuk airean zeudelako; asteburuetan edo opor egunetan lan egitearen gainekoak, esaterako.

iruzkinik ez: