2017/09/20

“Agerian geratzen ari da demokrazia mozorro bat besterik ez dela Espainiako Gobernuarentzat”


LAB sindikatuaren izenean, elkartasun mezua helarazi nahi diegu Kataluniako herriari, langileei eta instituzioei, jasaten ari diren eraso basatiaren aurrean. Sindikatuko Idazkari Nagusi Ondoko Igor Arroyoren hitzetan, “agerian geratzen ari da Espainiko Gobernuarentzat, PPrentzat, Erregimenarentzat, demokrazia mozorro bat besterik ez dela. Urte hauetan guztietan, demokraziaz hitz egin dute, baina benetan elite gutxi batzuen mesedetan antolatutako kasino bat izan dugu Espainiako estatuan; herri langile desberdinen kontura bizi izan den elite baten kasinoa”.
Erasoa ematen ari da “herri bat martxan jarri denean, bestelako eredu bat eraiki nahi duenean, Errepublika bat planteatu duenean Monarkiaren aldean, herriaren hitza eta erabakia artikulatu nahi duenean, etorkizunari ateak ireki nahi dizkionean. Orduan azaldu zaigu erregimen horren benetako aurpegia”, adierazi du Arroyok.

Idazkari Nagusi Ondokoaren esanetan, “postfrankistak zirela esaten genuen, baina benetan frankistak izaten jarraitzen dute. Horregatik, momentu erabakigarri honetan, iruditzen zaigu ekiteko garaia dela, Kataluniarekin elkartasunez bai, baina erregimen hau lurperatzeko ere bai”.

Euskal Herritik elkartasuna helaraztearekin batera, LABek lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko bere konpromisoa berretsi du, “haustura demokratikoaren alde, herriak hitza eta erabakia hartzearen alde, 78ko giltzarrapoa behin betiko hausteko bidean gure ekarpena egiteko”.

Kataluniarekin eta demokraziarekin bat
Gaur arratsalderako mobilizazioak daude deituta herri ugaritan, “Kataluniarekin bat. Demokraziarekin bat”.

LABek mobilizazioetan parte hartuko duela adierazi nahi du eta langileei hauetan parte hartzeko deia egin.
 

No hay comentarios: