2012/06/15

Osasun sistemaren pribatizazioari "ateak zabaltzea" salatu du LABek

Iurreta - 2012ko ekainaren 15a,
Mutualiak Iurretan duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin du, gaur, LAB sindikatuak. 'Osasun sistemaren pribatizazioari ateak parez pare irekitzeko' helburuagaz mutuei gero eta eskuduntza gehiago ematen ari zaizkiela salatu dute.



Ohar baten bitartez azald dutenez, "argi dago, eta azken aurrekontuekin are eta gehiago, osasun sistema publikoari zenbat eta errekurtso ekonomiko eta, ondorioz, pertsonal gutxiago eskaini, beste batzuek bete behar dituztela hutsune horiek". Ondorioz, herritarren artean, bi klase bereizten dituztela salatu du LABek: "Batetik, lanean dauden herritarrak, hau da apurtuz gero konpondu egin behar diren lanerako tresna garrantzitsuak, eta, bestetik, lanerako balio ez duten guzti horiek, haurrak, jubilatuak, etxeko andreak, langabetuak… Osasun sistema prekario batera kondenatu nahi dituztenak, itxaron zerrenda amaigabeak, errekurtso falta…". Nabarmendu dutenez, mutua sistemaren helburua ez da pertsonak zaindu eta osatzea, produkzioarekin jarraitzeko puntuan jartzea baino".

Sindikatuak gaineratu duenez, "asko eta asko dira, oraindik guztiz osatu gabe lanera bidali nahi dituzten langileak; lanetik eratorritako gaixotasunei dagokienez, edo oraindik ere ez dituzte onartzen, edo borroka latza egin behar da onartuak izateko".

Ildo horretan, azaldu dutenez, datozen hilabeteetan, mutuei konpetentzia gehiago aitortuko omen zaizkie. Diotenez, "kontingentzia komunetan alta eta bajak emateko aukera edukiko omen dute. Eta, azken erreformak, baja laburren aitzakiapean jendea kaleratzeko aukera eman dionez enpresarioari, gure gaixotasunak beste presio bide bat bihurtuko dira; bajak hartzeko beldurra, kaleratze mehatxuak, eta ondorioz, gure osasuna egoki ez zaintzeagatik erator daitezkeen bestelako gaixotasun larriagoak".

iruzkinik ez: